Mundaka

Europako ezker olatu luzeena

Mundakako herria

Mundaka Bizkaiko kostaldeko herri lasai eta atsegina da. Izen bereko itsasadarraren ezkerraldean dago, Busturialdea-Urdaibai eskualdean, alegia

Mundakako herriak betidanik izan du itsasoarekiko lotura eta, halaber, munduari irekita egon da. Mendeetan zehar, bertako jendea Euskal Herriko nabigazioaren eta arrantzaren historiaren protagonista izan da.

Naturgune paregabean (Urdaibai Biosfera Erreserba) kokaturiko herri honek berezko kultura,, hizkuntza (euskarari) eta ohitura zaharrei eutsi die eta oso gogoko du ondare hori lagun eta bisitariekin partekatzea.

Mundaka bisitatzeko edozein sasoi da egokia. Uda partean, bizitasuna eta algara dira nagusi herriko kaleetan; jende asko hurbiltzen da herriaz gozatzera, bertako giro onak eta edertasunak erakarrita. Udazkenetik aurrera gainera, mundu osoko surfzaleak heltzen dira bertako olatuez gozatzera; izan ere, adituen esanetan, Europa osoko ezker olatu onena da Mundakakoa.

Olatua

Mundakako ezker olatua Europa mailako onenetarikotzat jotzen da eta horrek harrotasunez betetzen du herria. Olatu famatu honek mundu osoko surflari ugari erakartzen ditu urtero gure kostaldera. Olatua Mundakako barran jaio eta Laidako hondartzan hiltzen da; uhinak 3-4 metroko altuera har dezake eta 400 metroko ibilbidea izatera heldu daiteke.

Olatuaren hodi formak are erakargarriagoa bihurtzen du mundu osoko surflarien begietan.

Surfak Hawai uharteetan du jatorria. Handik Estatu Batuetara hedatu zen eta XX. mendearen erdialdera modan jarri zen. Geroztik, mundu osoan zehar zabaldu da, Europa barne.

Mundakak nazioarteko txapelketak ospatu ohi ditu eta mundu mailako zirkuitoko froga baten egoitza izan da bederatzi aldiz. Hainbat surflari ospetsuk handitu dute haien palmaresa olatu honi esker; esaterako, Mark Occhilupo, Kelly Slater edo Andy Ironsek. ​